Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Berriak

OEE berri baten alde

2018-12-06

Familia medikua Aramaion
OEE berri baten alde

Oraingoan gure ezintasuna zuritzeko beste aitzakia bat topatu dugu; zuzendari eta zerbitzu buruak omen dira gakoa, gure oztoporik handiena. Ez ba; gakoa gu gara. Guk daukagu giltza.

2018/12/05 (Naiz-en  eta Gara-n argitaratua)

Osasun sistema bat errotik aldatzea ez da nolanahikoa. Ezinbestekoa da aliantzak osatzea, laguntza eskatzen jakitea, behar den tokian eta unean. Kexatzea, gizalegezkoa denean, baina baita ekarpen oparoak eta positiboak egin. Besteak beste, Arantzazuko Biltzarrean hori eskatu zitzaion Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeari (OEE). Hain zuzen ere osasun arloko euskal komunitatearen gune eta adierazpen bat sortzea, Ottawako ereduari jarraituz, hainbat talderen eskaerak zein aldarrikapenak jasoko zituena. Hortik abiatuz, nazioartekoekin indarrak biltzea, botere guneetan eragiteko. Baina osasun arloko euskalgintzak ez dio eskaerari jaramonik egin. Urtean behineko biltzar bat, gure burua zuritzeko, eta urte osoan erdaraz lan egitea lehenetsi dute, pazienteen onerako.

Izan ere hori ere eskatu zaie OEEko kideei: euskaraz idaztea, euskaraz lan egitea. Adibide gisa, behetik gora egindako azken proposamena: Euskaraldian larrialdi zerbitzuetan patologia arinen alta-txostenak euskaraz eskaintzea; urrats txiki bat euskara lan hizkuntza egiteko, profesional eta erabiltzaileen arteko konfiantza sendotuz, euskaldunak engaiatuz. Endogamiaren pipiak jandako elite zuzendariaren erantzuna jaso dugu: ezinezkoa da; hobe 2019erako bi saio kliniko euskaraz ematea.

Goitik behera aldatzea ezinezkoa denez, erdibideko eskaera bat ere egin zaie: ekografien txostenak euskaraz eska ditzagun. Gauzagarria den aurrerapausu zehatza, egingarria, positiboa. Berriro ere ezikusia egin digute. Azken batean, OEEko zuzendaritzak bat egiten du Osakidetzako zuzendaritzarekin: kalitatezko eta bermedun osasun-arretaren alde, osasun-txosten oro euskara hutsean jasotzea ez da bideragarria. Kalitatea eta gaztelera banaezinak dira.

Indar metaketarik egiteko gauza ez gara izan: 300 bat bazkide soilik, hutsaren hurrengoa kontuan hartzen badugu Osakidetzan 30.000 lagunek dihardutela. Mediku egoiliar askorentzat OEE ez da erreferentea, eta ikasleentzat lekutan dago. Azken biltzarrera gonbidatu genituen zenbait euskaltzaleek ez zekiten existitzen zenik ere ez. Sareak ehuntzea derrigorrezkoa da, jakina, baina helburuak ere argi eduki behar dira, eta diagnostiko zehatzak egin. Erraza da, orain arte egin den moduan, erantzukizuna unibertsitateari leporatzea. Medikuntza gradoa osasungoa euskalduntzeko nahikoa dela entzun dugu urteetan. Ez, motel, hori ez da konponbidea. Ikasketak amaitutakoan, azukre koxkor bat legez urtuko dira lan eremu elebakarrean.

Oraingoan gure ezintasuna zuritzeko beste aitzakia bat topatu dugu; zuzendari eta zerbitzu buruak omen dira gakoa, gure oztoporik handiena. Ez ba; gakoa gu gara, gure hitzak eta ekintzak. Guk daukagu giltza. Gurea da ekintza kontziente eta arduratsua, ehunez eta ideiaz hornituta, argudioz jantzia, ausarta eta eraldatzailearen eginbidea. Nekez aurkituko dugu askabidea aspalditik egiten diren eta inora ez garamatzaten biltzar eta topaketetan. Euskara liturxiarako hizkuntza bilakatzen dutenak, eta ez lanerako. Lagadoko akademia, osasun-jardueraren funtsa ahaztu duena: pertsonak, gaixo euskaldunak. Pazienteei eman beharko litzaieke lehentasuna eta ez lankideei.

Bestelako erakundea behar dugu, katebegi galduei ahotsa eta itxaropena emango dietenak: medikuntza eta erizaintza ikasleak, mediku egoiliarrak, ikertzaile gazteak, eta batez ere pazienteak. Ildo lerroak adostasunez zehaztuko dituena, ez elite zuzendari baten mendeko. Eremu elebidunetarako esparru teoriko propioa garatzeko gauza izango dena. Instituzio eta eragileekin lanketa programatu eta eraginkorra ahalbidetuko duena, sinergiak bilatuz, Euskal Herrian eta nazioartean.

Zirt edo zart. Erabakitzeko unea heldu zaigu, noski, baina diagnostiko okerrak ez du batere laguntzen, are gutxiago huts egin duten sendabideekin tematzea. Ezin gara egon trenari begira. Badauzkagu erronkak, badauzkagu aukerak: trenari so ezer egin gabe egotea, urtean behineko biltzar bat antolatzea, hiltzear dagoenaren aldeko azken kadisha. Edo trena behin betiko gelditu, beste norabide bat eman eta barruan dauden zapalduen gogoa askatzea, gurea gaiturik. Baina ez gaitezen ezkorrak izan, izan gaitezen mila! Betoz gazteak OEEra, haize berria ekar dezatela. OEE berri bat behar dugu, euren gidaritzapean. Hala bedi!

Iturria: https://www.naiz.eus/eu/iritzia/articulos/oee-berri-baten-alde

 

 

Utzi zure iruzkina

2018-12-11 10:32

OEE berritu bat behar dugula bai noski, beste ekimen batzuk burutu ados. Baina karlosek dion moduan ezin da gezur eta sasi iritziekin hasi bide berri hori. OEE sortu ginenok jubilatuta edo jubilatzear gaude baina ez dago ordezkaririk. Unibertsitatetik pasatutako 3000 ikasletatik bakan batzuk ari dira euskalgintzan eta OEEn sartu nahi izan badute ez dira kapazak izan beste OEE berri edo halakoren bat sortzeko. Erakundean goxo daude askok, euskararen kontutik at eta larriago dena OEEtik paso eginez. Ekintzaileak bai behar dira bai, baina zoritxarrez bidean galdu ditugu.

2018-12-06 22:49

Oso itxusia da euskalgintzaren ahultasun eta gabeziak prentsan aireratuz, gure artean mokoka ari garenaren irudia ematea. Oso itxusia da irudi hori emateko egia ez diren baieztapenetan oinarritzea: OEEk ez du sekula erdaraz lan egitea lehenetsi, ez dio sekula erantzukizuna unibertsitateari leporatu, ez du sekula kalitatea gaztelerarekin lotu, ez du sekula zuzendari eta zerbitzu buruen elebakartasuna bere ezintasuna zuritzeko erabili. Nire idatzian hiru zutabe aipatzen ditut: euskaraz lan egitea, lidergoa eta kontratazio politikaren aldaketa. Eztabaida dezakegu hiru hauek edo beste batzuk ote diren zutabeak. Eztabaida dezakegu adostutako zutabe bakoitzean OEEko militanteok jokatu behar dugun eginkizunaz. Egin dezagun benetako baieztapenetan oinarrituz. Oso itxusia da orain arte biltzarrak antolatzen aritu den eta ari den hainbeste pertsona horrela gutxiestsi eta kakaren pare uztea. Oso itxusia da beste iritzi bat duen OEEkidea “Endogamiaren pipiak jandako elite zuzendari” bezala izendatzea. Denok dakigu hurkoa iraintzen, baina, hau al da OEEk eta euskalgintzak aurrera egiteko behar duen egokiera? “Gurea da ekintza kontziente eta arduratsua, ehunez eta ideiaz hornituta, argudioz jantzia, ausarta eta eraldatzailearen eginbidea”. Argudioz jantzia, ez irainez atondua. Maialenek BEC-en kantatu zuen hasierako agurra, apur bat moldatua, ekarri nahi nuke, gure egoera primeran definitzen duelakoan: Gehiegi izan nahi gabe / eta garenaren jabe / gure ideia ta ahots / kaixo denoi! Hemen gaude. / Hain haundi dirudien hau / hain txiki hormaz bestalde / hemen hizkuntza hain sendo / hor kanpoan hain ahalge / OEE trinko egin nahiz / trinko diot ez artalde / gu ere hala baikara / bakarkako eta talde. / Hau borroka neurtu bat da / barkatu apustuzale / gure buruaren kontra / gure munduaren alde. Egia da azken biltzarrean, Ottawako ereduari jarraituz, osasun arloko euskal komunitatearen gune eta adierazpen bat sortzeaz aritu ginela. Bere momentu onenak pasatzen ari ez den Kontseiluarekin ari ginen bide hau lantzen. Joan den astean jakinarazi digute Kontseiluko arduradun nagusiek ez diotela onespena eman, beraz, ezerezean gelditu dela Kontseilua, Behatokia eta UEMArekin dugun lan-taldean komunitate hau sortzeaz adostutakoa. Beste bide bat topatu beharko dugu guri ere hain garrantzitsua iruditzen zaigun komunitatea hau eratzeko. Nahi duenak, edo denbora eta indarra duenak, eman ditzala pausuak. Zuzendaritzaren laguntzarik ez zaio faltako. Noski positiboa dela ekografien txostenak euskaraz eskatzea, baina ez diezaiogun gure buruari iruzur egin. Medikuak txostena egin eta euskara teknikariak itzulpena egitea da bilatzen dugun bidea? Horrekin nahikoa dugu? Ez al da hobea biltzarra, osagaiz, agote saria eta antzeko tresnak erabiliz mediku hori trebatzea? Ez dira alta-txostenak izan Euskaraldian zehar euskaraz egin diren ekintza bakarrak. Esperientzia guztiak jaso eta olatuari jarraipena eman nahi diogu. Zuen laguntza beharko dugu horretarako. Alperrik dira gure arteko probokazioak. Helburu berak ditugunak, jarraitu beharreko bidearen inguruan iritzi ezberdinak izan arren, ez gara sekula elkarren etsai izango. Ez dut nik, behintzat, inor etsaitzat hartuko. “Gakoa gu gara, gure hitzak eta ekintzak”. Ados, gu 300, gu 30.000 artean. Gu gure muga eta ezinekin. Bakoitzak galdetu beharko dio bere buruari nahiko denbora eta esfortzu eskaintzen ote dion militantziari. Edo hurkoa epaitzen hasi eta gehiago urtu behar al dugu lan eremu elebakarrean? Euskal komunitatearen gunearen alde lan egin eta osasun arloko euskalgintza dinamitatu? Edo dinamizatu? Gauza askotan gaude ados eta honetan ere, noski: Betor gazteen uholde hori eta ordezka beza aspaldian txanda eskatzen ari den “elite zuzendaritza”. Iristen den bitartean, ez ahaztu zuzendaritzaren bilerak beti ireki dizkiogula OEEkide orori eta hurrengoak ere irekiak egongo direla. Bide batez, milesker tarteka etorri zareten kide apurrei. Karlos Ibarguren.

Azken Berriak

Sarean dira "Osatuberri" aldizkariko irakurgai berriak
Osakidetzako euskara-aldizkariaren martxoko berriak eta apirileko beste hainbat irakurgai daude jada. Horietan,Ginea-Bissaura joateko bigarren deialdia, Deustuko Unibertsitatea garatutako Inspira Steam egitasmoa, adimen artifiziala nola baliatu ikasteko...
Apirilaren 17an, "Historia klinikoa euskaraz: beharra eta eskubidea" ikastaroa
COMGI Gipuzkoako Sendagileen Elkargoak eta OEE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak mahai-ingurua antolatu dute apirilaren 17rako, asteazkena, historia klinikoan euskaraz idazteko nahi duen profesionalari laguntza eskaintzeko helburuarekin. Ikastaroa o...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan