Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Mugikorren erabileraren arriskuak eta #Izandig proiektua (Euskal Herriko Ikastolak eta IKT on)

Egileak:

Rakel Gamito Gomez

EHU


 

 

    Mugikorren erabileraren arriskuak eta #Izandig proiektua (Euskal Herriko Ikastolak eta IKT on)

 

 

 

1983an aurkeztu eta 1984ko martxoaren 13an jarri zen salgai lehenengo telefono mugikor komertziala: Motorola DynaTAC 8000x-a. 800 gramo pisatzen zituen eta, argazkian (1. irudia) ikus daitekeen bezala, ez zen txikia (33 cm x 4.5 cm x 8.9 cm). Ordubetez inolako espazio fisikori lotuta egon gabe telefonoz hitz egiteko aukera eskaintzen zuen. Bere prezioa 3995 $-koa zen arren, urtebetean 300000 unitate saldu ziren eta estatus sozialaren ikur bilakatu zen.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

1.      irudia: Martin Cooper,Motorola DynaTAC 800x-aren sortzailea, lehenengo telefono mugikor komertziala erabiltzen. Iturria: http://www.wikipedia.org.

 

Motorola DynaTAC 8000x-a gaur egun inguruan ditugun telefono mugikorrekin alderatuz gero, erraz antzematen da azken 30 urteetan teknologia digitalak jasan duen garapen azkarra. Gainera, bestelako tresna eramangarrien eta Internet sarearen aurrerapenak nabarmenak izan dira.

Era berean, garapenak gailu digitalen hedapena ekarri du. 2019an Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 16 eta 74 urte bitarteko biztanleriaren % 86.8k telefono mugikorra zuen eta etxetik kanpo Internetera konektatzeko erabili zuen (INE, 2019). Konexioaren helburuak askotarikoak dira: lan egin, berriak irakurri, online erosi, sare sozialak erabili, etab.

Alegia, azken urtetako garapenak ukaezinak diren aldaketa soziologikoak eragin ditu. Urte gutxitan, pantailak eta online aplikazioak jendartearen ingurune naturalak bilakatu dira, lan, aisialdi eta harremanen oinarri.

 

1. Haurrak, nerabeak eta gailu digitalak: ondo zaindu beharreko harreman sendo bat

 

Adin txikikoak aro digitalean jaio dira eta gailu digitalak zein Internet konexioa euren egunekotasunaren bizkarrezur dira. EAEko 10 eta 15 urte bitarteko gazteen % 95.8 Interneten erabiltzailea da eta % 73.1k dagoeneko telefono mugikor propioa du (INE, 2019).

Gainera, urtez urte Interneten sarbide-adina jaisten da (momentu honetan batezbesteko adina 7 urtekoa da) eta haurrek zein nerabeek egunero gailu digitalei eskaintzen dioten denborak gora egiten du (Gamito, 2019). Erabileraren helburua batik bat aisialdia izaten ohi da: jolastu (online), bideoak ikusi (YouTube-n eta TikTok-en) eta berdinen artean komunikatu (WhatsApp edo Instagram bidez).

Zalantzarik gabe, konektibitateak aukera eta abantaila ugari eskaintzen dizkio jendartearen sektore gazteenari, baina teknologia ez da neutroa eta bizipen gatazkatsuen iturri izan daiteke. Pantailetan ere erasoak ohikoak dira (Gamito, Aristizabal, Vizcarra eta Tresserras, 2017):

·         Ziberjazarpena: berdinen arteko jazarpen (irain-mezuak, mehatxuak, zurrumurruak, eszena iraingarrien zabalkundea, identitatearen ordezkapena, bazterketa…) jarraitua, gailu digitalen bitartez (Garaigordobil, 2011).

·         Sextorsion-a: sexu izaerako mezu edota eduki intimoak (bereziki argazki edo bideo sexualak) zabaltzea, baimenik gabe eta mina egiteko asmoz (Klettke, Hallford eta Mellor, 2014).

·         Grooming-a: adin txikiko batekin sexu-jazarpena bideratzeko asmoz (irudi erotikoak lortu, sexu-harremanak izan…), pertsona heldu batek erabiltzen dituen estrategiak: adinaz eta sexuari buruz gezurra esan, lotura emozionalak finkatzea, datu pertsonalak lortzea, etab. Horrela, adin txikikoak lagun birtualaren sexu-helburuak onartzen ditu, lagunen arteko mesede boluntario gisa (UNICEF, 2017).

·         Eduki ezegokiak: indarkeria, terrorismoa, pornografia, drogak, armak, ohitura ez-osasungarriak (elikadura-desordenak adibidez), arrazakeria, xenofobia, sektak, kontsumismoa, etab. bezalako gaiei buruzko edukiak. Oso erraza gerta daiteke eduki ezegokiekin topo egitea (Gil-Juliá, Castro-Calvo, Ruiz-Palomino, García-Barba eta Ballester-Arnal, 2018).

·         Gehiegizko edota neurririk gabeko erabilera: etengabe konektatuta egoteko premia, bizitza-kalitatean eragin negatiboa duena, harremanak eta bestelako jarduerak (eskolako lanak, ariketa fisikoa, atsedena...) alde batera uztea ondorio duelako (Ruiz-Palomero, Sánchez-Rodríguez eta Trujillo-Torres, 2016).

Orain arte zerrendatutako arriskuez gain, testuinguru digitalean elkarlotuta dauden beste bi kontzeptu izan behar dira kontuan: pribatutasuna eta nortasun digitala. Gaur egun, Internet pertsonen bizitzaren eta nortasunaren erakusleiho erraldoia bilakatu da, agerraldi eta elkarrekintza bakoitzak aztarna digitala uzten duelako.

Adin txikikoen kasuan, belaunaldi gardenaren parte dira (Sabater, 2014), euren bizitza pertsonalari buruzko gai eta datu anitz etengabe argitaratzen baitituzte. Praktika horren helburua online bizitza sozialaren kide eta berdinen artean onartua sentizea da. Horregatik, jasotzen dituzten like (atsegin dut) kopurua garrantzi handikoa da (Sherman, Payton, Hernandez, Greenfield eta Dapretto, 2016).

Beraz, online jarduera kudeatzea konplexua izan daiteke. Teknologiak haur eta nerabeen sozializazioan eragin zuzena duenez, zerrendatutako egoera gatazkatsuek euren harremanak, nortasuna eta osasuna (ongizate fisikoa zein psikologikoa) gogorki kaltetu ditzakete eta epe luzerako ondorio larriak izan. Interneten eta gailu digitalen erabilera ezegokiak haserrea, estresa, antsietatea, bakardadea, depresioa, nahaste fisikoak edota autoestimuaren galera eragin ditzake eta, kasurik larrienean, suizidioarekin lotutako pentsamenduak sortu (Bilgrami, McLaughlin, Milanaik eta Adesman, 2017).

Horregatik, premia handikoa da adin txikikoen alfabetatze digitala zein mediatikoa bermatzea. Egungo gazteek teknologia modu autonomoan eta seguruan erabiltzen ikasi behar dute, jarrera osasuntsua garatzeko, sortu daitezkeen gatazkei aurre egiteko estrategiak eskuratzeko eta, horrela, online bizikidetza positiboa sustatzeko.

Euskal Herriko Ikastolek (Ikastolen Elkarteak) erronkari erantzun nahi izan diote eta Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleei burujabetza digitala bere osotasunean lantzeko aukera eskaini. Horretarako, IKT on hezkuntza-aholkularitzaren parte-hartzearekin batera, hezkuntza-komunitate osoa inplikatzen duen #Izandig proiektua garatu eta martxan jarri da. Helburu nagusia Interneten eta mugikorraren erabilera arduratsua sustatzea izan da, pribatutasuna, nortasun digitala edota online parte-hartze publikoa bizitzarako gaitasun bezala ulertuta.

 

2. #Izandig: segurtasun digitalerako proiektu integrala (Euskal Herriko Ikastolak eta IKT on)

 

a) Helburuak

 

#Izandig proiektuaren helburu orokorra konpetentzia digitalaren segurtasunaren atala lantzea da, horretan inplikazio erreala lortzeko. Hortaz, helburu zehatz hauek jarraitzen ditu:

·         Hezkuntza-komunitate osoan, eta bereziki ikasleengan, segurtasun digitalarekiko jarrera aktiboa sustatzea.

·         Irakasleekin batera, gelan konpetentzia digitalaren segurtasunaren atala lantzeko aukerak garatzea.

·         Familien kezkak azaldu eta etxean ere bidelagun digitala izateko gidalerroak eskaintzea.

·         Ikastolen artean ikasitakoa komunean jartzeko gunea sortzea.

 

b) Ardatzak eta dinamikak

 

Horretarako, proiektuak lau ardatz, foro edo parte-hartzaile ditu: ikasleak, irakasleak, familiak eta topaketa.

·         Ikasleak: Interneten eta gailu digitalen erabilera arduratsua (arriskuak, nortasun digitala eta pribatutasuna) oinarri duen txoko bidezko lanketa.

o   Parte-hartzaileak: Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleak.

o   Iraupena: 3.5 ordu (goiz oso bat).

o   Edukiak:

-  Interneten arriskuak eta horien aurrean izan beharreko jarrera kritikoa.

-  Pribatutasuna zaintzearen garrantzia.

-  Like: zer da eta zertarako behar ditugu?

-  Ezarpenak: sare sozial nagusienen pribatutasun-aukerak.

·         Irakasleak: gelan segurtasun digitala lantzen jarraitzeko lan-saioa.

o   Parte-hartzaileak: Lehen Hezkuntzako 3. mailatik Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 2. mailara arteko irakasleak.

o   Iraupena: 2 ordu.

o   Edukiak:

-  Ikasleekin egindako lanketa eta horren ondorioak.

-  Topaketaren helburua.

-  Segurtasun digitala tutoretza-saioetan lantzeko aukerak.

-  On-line ikastaroa.

·         Familiak: egoeraren eta proiektuaren berri emateko hitzaldia.

o   Parte-hartzaileak: gaian interesa duten familiak.

o   Iraupena: 1.5 ordu.

o   Edukiak:

-  Haur eta gazteen errealitate digitala: erabilera eta arriskuak.

-  Proiektua: ikasleen saioak.

-  Prebentzio-gidalerroak.

·         Topaketa: ikasitakoa partekatzeko eta segurtasun digitalari buruzko mezuak barneratzeko gunea.

o   Parte-hartzaileak: proiektuan parte hartu duten ikasleak eta irakasleak.

o   Iraupena: 3.5 ordu (goiz oso bat).

o   Edukiak:

-  Helduei (irakasleei eta familiei) zuzendutako mezuak.

-  Ikasleek, Interneten eta gailu digitalen erabilera arduratsua bermatzeko, hartzen dituzten konpromisoak.

 

c) Balidazioa, pilotua eta lehenengo ikasturtea

 

#Izandig proiektua IKT on hezkuntza-aholkularitzak diseinatu zuen 2018/19 ikasturtean zehar eta momentu oro proposamenaren egokitasuna Euskal Herriko Ikastolen (Ikastolen Elkarteko) arduradun eta teknikariekin egiaztatu zen. Gainera, martxoan, ikastola ezberdinetako zuzendari eta IKT arduradunekin batera balidazio-saio bat egin zen. Bertan, proiektuaren beharrari buruz hausnartu zen, plangintza aurkeztu zen eta hobetze-proposamenak jaso ziren.

Proiektuaren esperimentazio-fasea edota fase pilotua 2019ko maiatza eta ekaina bitartean jarri zen martxan: ikasleekin, irakasleekin eta familiekin saioak maiatzean eta topaketa ekainean. Lau ikastolek hartu zuten parte (Bizkaia: 1; Gipuzkoa: 2; Nafarroa: 1), guztira Lehen Hezkuntzako 149 ikasle. Hobetu beharreko zenbait alderdi identifikatu ziren arren, balorazio orokorra oso positiboa izan zen eta, batez ere, ikasleek gaiarekiko adierazitako interesa, inplikazioa eta hitz egiteko beharra azpimarratu zen.

Aurten (2019/20 ikasturtean) proiektua bere osotasunean martxa jarri da eta parte-hartzea erabat arrakastatsua izan da. Oraingoan, ikastolen kopurua kontuan izanda, bi txanda egitea erabaki da. Lehenengoan, zortzi ikastolek hartu dute parte (Bizkaia: 2; Gipuzkoa: 3; Araba: 2; Nafarroa: 1), guztira 588 ikasle. Ikasleekin, irakasleekin eta familiekin saioak 2019ko iraila eta urria bitartean egin dira eta topaketak (bi topaketa egin dira eta bakoitzean hiru ikastolek hartu dute parte) azaroan eta abenduak izan dira. Bigarren txandan, hamaika ikastolek hartu dute parte (Bizkaia: 3; Gipuzkoa: 7; Nafarroa: 1), guztira Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako 1042 ikasle. Ikasleekin, irakasleekin eta familiekin saioak 2020ko urtarrila eta otsaila bitartean egin dira eta topaketak maiatzean egitea aurreikusten da.

Ikasleen kasuan, alde handiak antzeman dira mailaren eta ikasturte garaiaren arabera. Alegia, kontzeptuak ez dira modu berean lantzen irailean 5. mailan hasten direnekin edota maiatzean 6. maila amaitzen dutenekin, tarte horretan online bizipenak izugarri aldatzen direlako. Orokorrean, ikasleek arriskuak ezagutzen dituzte, baina praktika ez seguruak oso ohikoak dira euren artean. Horregatik, txikitatik erabilera arduratsurako kontzientzia kritikoa lantzea behar-beharrezkoa da.

Irakasleen eta familien kasuan, gaiarekiko ardura nabarmena da. Testuinguru digitalaren abiaduragatik kezkatuta daude eta, zenbait kasutan, beldurtuta, segurtasun digitalaren arloan duten ezagutza edota prestakuntza-maila eskasa dela uste dutelako. Helduen artean erabilera arduratsuari buruzko kontzientzia piztearen beharra azpimarratzen da, eskolaren eta familien hezkuntza-zeregina eta inplikazioa bermatu aldera.

Topaketetan proiektuaren norabide onaren ebidentziak jaso dira. Ikasleek ingurune digitalen erabilera arduratsurako ezinbestekoak diren irizpideak barneratu dituzte eta segurtasun digitala bermatzeko jarraibideak oso modu sortzailean jaso eta adierazi dituzte. Gainera, informazio pertsonala zaintzen, ezezagunekin argi ibiltzen eta gainerako erabiltzaileak errespetatzen zein laguntzen konprometitu dira.

Bestalde, irakasleei eta familiei zuzendutako eskariak edota mezuak oso argiak dira: haur eta nerabeen argazkiak argitaratu aurretik (sare sozialetan edota profiletako argazki modura) baimena eskatu, arriskuei eta pribatutasunari buruzko informazioa eskaini eta tarteka mugikorra aldera batera utzi.

 

d) Etorkizuna

 

Badirudi jendartean adin txikikoen gaitasun digitalari buruzko kezka zabaldu dela eta hezkuntza-zentro eta eragile ugarik gaiari buruz adierazitako interesa horren isla da. Horri erantzuteko, Euskal Herriko Ikastolek (Ikastolen Elkarteak) eta IKT onek lanean jarraituko dute. Asmoa da hemen deskribatzen den proiektuari jarraikortasuna ematea eta, agian, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan beste lanketa mota batekin osatzea. Digitalizazioaren abiadura ikaragarrizkoa da, baina mugitzen ari gara, ahal den neurrian harrapa ez gaitzan!

Premiazkoa da adin txikikoek Interneten eta gailu digitalen (mugikorra barne) erabilera arduratsua garatzea, lehenbailehen. Horretarako, hezkuntza-agenteek ikasleei gaitasun kritikoa oinarri duen lanketa praktikoa eskaini behar dizkie. Informazioa eta hausnarketa dira kontzientzia pizteko eta prebentzioa bermatzeko bide bakarrak.

 

3. Bibliografia

 

Bilgrami, Z., McLaughlin, L., Milanaik, R. eta Adesman, A. (2017). Health implications of new-age technologies: a systematic review. Minerva pediatrica, 69(4), 348-367. https://doi.org/10.23736/S0026-4946.17.04937-4

Gamito, R. (2019). Adin txikikoen Interneten erabilerari eta arriskuei buruzko kasu azterketa bat. Pertzepziotik kontzientzia piztera [Doktore-tesia]. Universidad del País Vasco/Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU), Vitoria-Gasteiz. https://addi.ehu.es/handle/10810/35445?locale-attribute=es

Gamito, R., Aristizabal, P., Vizcarra, M. T. eta Tresserras, A. (2017). La relevancia de uso crítico y seguro de internet en el ámbito escolar como clave para fortalecer la competencia digital. Fonseca, 15, 11-25. https://doi.org/10.14201/fjc2017151125

Garaigordobil, M. (2011). Prevalencia y consecuencias del cyberbullying: una revisión. International Journal of Psychology and Psychological Therapy, 11(2), 233-254. https://www.redalyc.org/articulo.oa?id=56019292003

Gil-Juliá, B., Castro-Calvo, J., Ruiz-Palomino, E., García-Barba, M. eta Ballester-Arnal, R. (2018). Consecuencias de la exposición involuntaria a material sexual en adolescentes. International Journal of Developmental and Educational Psychology (INFAD), 2(1), 33-44. https://doi.org/10.17060/ijodaep.2018.n1.v2.1159

INE, Instituto Nacional de Estadística (2019). Encuesta sobre equipamiento y uso de las tecnologías de la información y comunicación en los hogares. Resultados año 2019. https://www.ine.es/dyngs/INEbase/es/operacion.htm?c=Estadistica_C&cid=1254736176741&menu=resultados&idp=1254735576692

Klettke, B., Hallford, D. J. eta Mellor, D. J. (2014). Sexting prevalence and correlates: A systematic literature review. Clinical Psychology Review, 34(1), 44-53. https://doi.org/10.1016/j.cpr.2013.10.007

Ruiz-Palomero, J., Sánchez-Rodríguez, J. eta Trujillo-Torres, J. M. (2016). Utilización de Internet y dependencia a teléfonos móviles en adolescentes. Revista Latinoamericana de ciencias sociales. Niñez y Juventud, 14(2), 1357-1369. https://doi.org/10.11600/1692715x.14232080715

Sabater, C. (2014). La vida privada en la sociedad digital. La exposición pública de los jóvenes en internet. Aposta. Revista de ciencias sociales, 61, 1-32. http://www.apostadigital.com/revistav3/hemeroteca/csabater.pdf

Sherman, L. E., Payton, A. A., Hernandez, L. M., Greenfield, P. M. eta Dapretto, M. (2016). The power of the Like in Adolescence: Effects of Peer Influence on Neural and Behavioral Responses to Social Media. Psychological Science, 27(7), 1027-1035. https://doi.org/10.1177/0956797616645673

UNICEF (2017). Guía de sensibilización sobre Convivencia Digital. Buenos Aires: Fondo de las Naciones Unidas para la Infancia (UNICEF). https://www.unicef.org/argentina/sites/unicef.org.argentina/files/2018-04/COM-Guia_ConvivenciaDigital_ABRIL2017.pdf

 

 

Azken Berriak

"Osatuberri" aldizkariaren zenbaki berria kalean da jada
Osakidetzak euskara hutsean argitaratzen duen "Osatuberri" aldizkariaren martxoa-apirileko zenbakia eskuragarri dago jada. Besteak beste, Deustuko Unibertsitatea garatutako Inspira Steam egitasmoa, adimen artifiziala nola baliatu ikasteko urta...
Osasunari buruzko gai ugari jorratuko dituzte EHUko Uda Ikastaroetan
Apirilaren 23an aurkeztu zen Uda Ikastaroen 43. edizioa Bilbon, BBVA Fundazioaren egoitzan. Eva Ferreira EHUko errektoreak, Laura Poderoso BBVA Fundazioaren zuzendariordeak eta Itziar Alkorta Uda Ikastaroen zuzendari akademikoak aurtengo edizioari buruz...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan