Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Lesioak goi mailako futbolean: emakume eta gizonen arteko konparaketa

Egileak:

Jon Larruskain Zabala

Jose Antonio Lekue Gallano

Nerea Diaz Aranguren

Adrian Odriozola Martinez

Susana Maria Gil Orozko

0


Sarrera

Emakume eta gizon futbolariek jasaten dituzten lesioen arteko ezberdintasunak ikertzea beharrezkoa da arrisku-faktoreen inguruko hipotesiak sortzeko eta, horren ondorioz, prebentzio-estrategiak egokitzeko. Hala ere, ikerlan bakar batek aztertu ditu sexu-ezberdintasunak lesioen epidemiologian goi-mailako futbol europarrean.[1]

Helburuak

Goi-mailako emakumezko eta gizonezko futbolariek jasandako lesioen intzidentzia, ezaugarriak eta larritasuna deskribatzea eta konparatzea

Metodoak

Athletic Club futbol taldeko emakumeen eta gizonezkoen lehen taldeetako lesioak, eta entrenamendu zein partiduetako esposizio-denbora, klubeko zerbitzu medikoak erregistratu zituen 5 denboralditan (2010-2015), FIFA-ren argibideak jarraituz.[2] Emakumeen eta gizonen lesioen intzidentziak (lesio kopurua/1.000 ordu) z-testa erabilita konparatu ziren.

Emaitzak

Entrenamenduetako eta partiduetako esposizio-denbora eta partidu-kopurua astero %20-30 handiagoak izan ziren gizonezkoengan (P≤0.02). Entrenamendu eta partiduetako lesioen intzidentzia %30-40 handiagoa izan zen gizonezkoengan (P≤0.04), baina soilik lesio arinen kasuan (1-7 eguneko baja, P<0.01). Intzidentzia handiago hau, gizonezkoengan kontusioak 4.82 aldiz ohikoagoak izatearen ondorioa da (P<0.01), lesio muskularren eta artikularren intzidentzia antzekoa izan baitzen (P≥0.44). Bajan egondako egun-kopuru totala %21 handiagoa izan zen emakumeengan, eta belauneko eta orkatilako lotailuen lesio larrien (>28 eguneko baja) intzidentzia 5.36 aldiz handiagoa (P=0.04). Koadrizepseko lesio muskularrak, aurreko lotailu gurutzatuaren hausturak eta orkatilako sindesmosi lesioak, aldiz, ohikoagoak izan ziren emakumeengan: 2.25 (P=0.01); 4.59 (P=0.06); eta 5.36 (P=0.04), hurrenez hurren. Iskiotibialetako lesio muskularrak eta pubalgiak, ordea, 1.93 (P=0.01) eta 11.10 (P=0.02) aldiz ohikoagoak izan ziren gizonezkoengan. Emakumeengan aurreko lotailu gurutzatuaren hausturek denbora-galera guztiaren %43a eragin zuten. Bestalde, gizonezkoengan iskiotibialetako lesio muskularrak izan ziren denbora-galeraren iturri nagusia (%19).

Ondorioak

Prebentzio arloko esku-hartzeak gizon eta emakume futbolarien beharretara egokitu behar dira. Emakumeen artean aurreko lotailu gurutzatuaren hausturak prebenitzea lehentasuna da baja luzeak eta osasun arloko ondorio kaltegarriak ekiditeko. Gizonezkoen artean, ordea, iskiotibialetako eta iztarteko lesioak ohikoagoak dira. Emakumeen artean ikusitako koadrizepseko eta orkatilako sindesmosiko lesioen maiztasun handiagoa aurkikuntza berria da, sakonago aztertu beharrekoa.

Bibliografia

1. Hagglund M, Walden M, Ekstrand J. Scand J Med Sci Sports 2009, 19, 819-827.
2. Fuller CW, Ekstrand J, Junge A, et al. Br J Sports Med 2006, 40, 193-201.

Azken Berriak

Karlos Ibarguren eta Miren Altuna: Euskara: ukendua zauriarentzat
Karlos eta Miren
Berria egunkarian Miren Altuna eta Karlos Ibarguren medikuak elkarrizketatu ditu, euskarak osasun zerbitzuetan duen garrantzia hobeto ezagutzeko Elkarrizketa osoa: Euskara ukendua zauriarentzat   ALTUNA: Egoiliarra nintzen Iruñean...
Jon Zarate Sesma: «Lehentasuna da babesa ematea beren lana euskaraz egingo duten osasun profesional horiei"
Jon
EHEk eta EHUk lan bat egin dute elkarrekin, osasun profesionalak eta euskal pazienteen arteko harremanei buruz gogoeta egiteko. «Euskaraz artatu nautenetan, eskertu egin dut, eta konfiantza handiagoko eremu batean sentitu dut neure burua»....

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan