Berriak
EHUk doako euskarazko ikastaroak eskainiko dizkie ikasle, ikertzaile eta irakasleei
2026-10-13
EHUren albistea:
Izena emateko epea urriaren 15era arte egongo da zabalik
"Euskara eta Hizkuntza Plangintzarako Errektoreordetzak doako euskarazko ikastaroen eskaintza zabaldu du 2026-2027 ikasturterako, EHUko ikasle, ikertzaile eta irakasleei zuzenduta. Ikastaroak unibertsitatearen hizkuntza-harrerako programaren barruan antolatu dira, eta helburu nagusia da parte-hartzaileei euskara ikasten hasteko edo haien komunikazio-gaitasunak hobetzeko aukera eskaintzea, bai unibertsitateko jardunean bai eguneroko bizitzan euskaraz moldatu ahal izateko.
Prestakuntza aurrez aurre eskainiko da Donostian, Gasteizen, Bilbon eta Leioan, eta online modalitatea ere izango da. Modalitate guztietan oinarrizko, tarteko eta maila aurreratuko taldeak osatuko dira. Aurrez aurreko saioetan, oinarrizko eta tarteko mailako taldeek astelehenetan eta asteazkenetan izango dituzte eskolak, 13:30etik 15:30era. Maila aurreratuko parte-hartzaileek, berriz, astearteetan eta ostegunetan izango dituzte eskolak ordutegi berean. Online modalitatean ere egutegi bera jarraituko da, baina eskolak 16:00etatik 18:00etara izango dira.
Ikastaroak 2026ko urriaren 26an hasiko dira eta 2027ko maiatzaren 13an amaituko dira. EHUko egutegi akademikora egokituta egongo dira; horrenbestez, oporraldietan eta azterketa-garaian ez da saiorik egingo.
Izen-ematea urriaren 5etik 15era
Ikastaroetan parte hartu nahi dutenek campusa edo modalitatea aukeratu eta dagokion eskaera-inprimakia bete beharko dute. Izen-emateko epea urriaren 15era arte egongo da zabalik. Behin eskaera eginda, interesdunek online maila-proba bat egin beharko dute, haien ezagutza-mailari ondoen egokitzen zaion taldea esleitzeko. Euskaraz ez dakitela adierazten duten pertsonek ez dute proba hori egin beharko.
Eskabideen kopuruak eskaintza gainditzen badu, parte-hartzaileak izen-emate ordenaren arabera hautatuko dira. Epea amaitu ondoren, interesdunek posta elektronikoz jasoko dute onartuak izan diren ala ez jakinarazten duen mezua. Gainera, onarpena jaso eta gero, ikastaroan baja emateko epea hiru egunekoa izango da, betiere justifikaziorik gabeko uko-egiteen kasuan.
Ikastaroa Bilbon jasotzeko, bete ondorengo inprimakia: Hizkuntza-harrera - Bilbo
Ikastaroa Donostian jasotzeko, bete ondorengo inprimakia: Hizkuntza-harrera - Donostia
Ikastaroa Gasteizen jasotzeko, bete ondorengo inprimakia: Hizkuntza-harrera - Gasteiz
Ikastaroa Leioan jasotzeko, bete ondorengo inprimakia: Hizkuntza-harrera - Leioa
Ikastaroa online jasotzeko, bete ondorengo inprimakia: Hizkuntza-harrera - online
Bertaratze-ziurtagiria
Ikastaroa amaitzean, parte-hartzaileek bertaratze-ziurtagiria jasoko dute, gutxienez saioen %80ra joan badira eta ikastaroan zehar eskatutako eginkizunak bete badituzte. Antolatzaileek ohartarazi dutenez, bertaratze-baldintza hori betetzen ez dutenek lehentasuna galduko dute etorkizunean antolatuko diren euskarazko ikastaroetan parte hartzeko.
Informazio guztia, hemen: EHUko komunitatea - Euskara - EHU"
Utzi zure iruzkina






