Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

21. Osasun Jardunaldiak: Ikerkuntza: ezagutzatik ekintzara

Lipidoei buruzko jarduera klinikoaren gidaliburua: erabakiak hartzen lagunduz

Egilea: Ricardo San Vicente


Praktika klinikoko gidak, AGREE Collaboration-ek dion bezala,  osasun-egoera zehatzetan mediku eta gaixoen erabaki kliniko egokienak hartzen laguntzeko era sistematikoan egindako dokumentuak dira. Beren helburua gomendio esplizituak ematea da medikuen erabaki klinikoetan eragiteko asmoz.  Kalitatezko gida batek bere elaborazio-prozesuan egin daitezken baliozko sesgoak kontutan hartu behar ditu, ematen diren gomendioak barrutik eta kanpotik balioztatu egin eta gomendio hauek praktikan jartzeko bideragarriak direla aztertu behar ditu.
AGREEk zehaztutako planteamendu metodologikoari jarraituz Lipidoen erabilerari buruzko gidaliburua egiten hasi ginen, gaur dagoen ebidentzia zientifikorik onena jaso eta gure ingurura egokitzeko asmoz.
Gaixotasun kardiobaskularrak dira lehenengo heriotza-arrazoia herrialde industrializatu gehientsuenetan. EAEn aurreneko heriotza-kausa dira emakumeengan eta bigarrena gizonezkoengan, tumoreen atzetik . Hala eta guztiz ere, arrisku kardiobaskularra (AKB) eta, beraz, baita gertakari koronarioen tasak ere EAEn herrialde industrializatu gehientsuenetan dauzkatenak baino askoz ere apalagoak dira.
Bestalde, biztanleria orokorrean kolesterolari esleitzeko modukoak diren gertakari koronarioen arriskua gain pisua eta tabakismoa bezalako beste arrisku-faktore batzuei egozten zaiena baino txikiagoa da. Alderdi horiek erabat funtsezkoak dira esku hartzeko erabakiak baloratzeko orduan.
Guzti honek garrantzia handia dauka lehen mailako prebentzioan. Gaixotasun kardiobaskularrik gabeko pazientenagan prebentzioaren arloko erabakiak hartzeko arrisku kardiobaskularra ebaluatzea da metodorik eraginkorrena. Arrisku kardiobaskularra kalkulatzeko saiakuntza kliniko prospektiboen emaitzetan oinarritutako taulak erabiltzen dira. Kontutan hartu behar da taula hauek gure eremura egokitu behar direla, beste eremutako populazioaren heriotza-tasak eta arrisku faktoreen prebalentzia desberdinak direlako eta, beraz, populazio horietara  egokitutako taulek ez dute balio gure inguruan erabiltzeko. Gida egiten hasi ginenean hau izan zen izan genuen lehengo erronka.
Gaixotasun kardiobaskularrek praktika klinikoan duten garrantzia baloratzeko, aski da botika hipolipe miatzaileen preskripzio-bolumen ikaragarriari erreparatzea, beste alderdi batzuen artean.
Hiperkolesterolemiari buruz beste herrialdeetako aditu-taldeek argitaratutako praktika klinikoko giden (PKG) gomendioak, bestalde, ez dira batere uniformeak eta eremu mediterraneoko herrialdeekin konparatuta, giro epidemiologiko oso diferentea daukaten herrialdeetan eginak izan dira, sarri askotan, lehenago aipatu dudan bezala, gure ingurunean balidatuta ez dauden arrisku kardiobaskularreko taulak erabiliz, gainera. Horregatik guztiagatik, lipidoak arrisku kardiobaskularreko faktore gisa erabiltzeko Orduña klinikan diharduen profesionalari sortzen zaizkion galderei erantzungo liekeen PKG bat landu, eta garatzeko premia ikusi zen Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailean eta Osakidetzako Asistentzia Sanitarioko Zuzendaritzan. Ostebaren finantzaketarekin eta Osakidetzako Lehen mailako Arretako Zuzendariordetzaren bultzadarekin, posible izan zen 2004ean hasiera eman genion gida hau aurrera eramatea.
Beraz, EAEko profesionalei lipidoak arrisku kardiobaskularreko (AKBeko) faktore bezala erabiltzeko erabakiak hartzen lagunduko dieten gomendioak landu eta eskaintzea izan da gida honen egitekoa. Ideia honekin honako puntuak jorratu ziren:
Paziente horiei emandako osasun-laguntza hobetzea, esku hartzeko aukerarik onuragarrienak eskainiz, lipidoen inguruan, AKBeko faktore bezala, literatura zientifikoan eskura dauden proba eta ebidentziarik onenetan oinarritutako gogoetan zentratuz, eta, beste aldetik,  arrisku kardiobaskularreko faktore bezala lipidoen tratamenduari eta erabilerari dagokienez, praktika klinikoan ikusten den aldakortasuna gutxitzea, erabaki klinikoak hartzeko unean ebidentziarik onenak eskura edukiz.
Gure esperientzia ez zen berria. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoko asmari buruzko praktika klinikoaren gidaliburua prestatzen, egokitzen eta eguneratzen erabilitako “Metodologiaren deskripzioa” izeneko dokumentua oso lagungarria izan zen guretzat. Dokumentu honek, alderdi metodologikoen deskripzio zehaztu bat barne hartzen du eta gida egiteko oinarritzat hartu genuen.
Hasieran egokitzea, prestaketa eta eguneratzea kontuan hartzen zituen metodologia misto bat erabiltzea pentsatu genuen, nahiz eta azkenean konturatu ginen egokitzea baino eguneratzea izan zela behar genuena.
Gidaren garapenean eman genituen pausUak hauek izan ziren:
-       Diziplina anitzeko talde idazlaria sortzea, sozietate zientifikoetako eta bertako lantaldetako ordezkariekin osatua. Guztiek jaso zuten AGREE tresnaren bidez gidaliburuak ebaluatzeko prestakuntza.
 
-       Gidaliburuaren gako-galderak egitea, honako eskema hau erabiliz: Pazientea/Arazoa, Esku-hartzea, Emaitza eta Ikerketa-mota.
 
-       Lipidoei buruzko Cochrane azterketak eta hasierako PKGak bilatzea, ebaluatzea eta hautatzea. Aurkitutako PKGak, AGREE tresnarekin ebaluatu ziren eta argitaratutakoetatik kalitate altuena zutenak hautatu ziren.
 
-       Hautatutako gidaliburuen eduki klinikoa aztertzea, gako-galderetan arreta jarriz. Horretarako, “Gidaliburuen taula” tresna erabili genuen gako-galdera bakoitzerako.
 
-       Gidaliburuak egokitzeko irizpideak egindako gako-galderei aplikatzea, gidaliburuak/ek eta Cochrane azterketek galdera bakoitza modu egokian erantzuten zuten ala ez baloratzeko asmoz. 7 izan ziren irizpideak: gidaliburuetara heldutako galdera, Cochrane azterketaren existentzia, koherentzia, eguneratzeko beharra, gomendio-maila, argitasuna eta ezargarritasuna. Irizpide horien arabera, galdera bakoitzarekin jarraitu behar den estrategia hautatu da: de novo delakoa egitea, elaborazio partziala edo gidaliburuetatik edota Cochranetik abiatuz gomendioak hartzea.
 
Laister konturatu ginen galdera askori erantzuteko de novo egitea beharrezkoa zela, Cochran azterketarik ez zegoelako, erabili genituen gidatan ematen zen erantzuna kasu batzuetan eguneratu behar zelako eta lehen mailako prebentzio kasuan ematen zen erantzuna ebidentzia zientifikoarekin bat ez zetorrelako.
 
-       De novo delakoa egitearen aukera egin zen galderetarako, honako hauek izan ziren jarraitu genituen pausuak: ebidentziaren bilaketa eta ebaluazioa, ebaluazio formala, ebidentziaren sintesia eta SIGNek proposatutako metodologiaren arabera gomendioak prestatzea. Elaborazio partzialaren kasuan, pauso horiek sinplifikatuagoak izan ziren.
 
Prozesu guzti hau bukatu ondoren azkeneko pausua gida kanpoko berrikuslei  bidaltzea izan zen, haien iritzi eta iruzkinak jasotzeko.
2008an argitaratu zen Osakidetzako lipidoen erabilerari buruzko gidan jasotako gomendio batzuek mundu mailan beste gidatan ematen ziren arlo berdineko zenbait gomendioekin zerikusi gutxi zeukatela nabarmena zen, nahiz eta prestigio handiko gidaliburuenak- National Institute for Health and Clinicla Excellence (NICE) gidan, alegia, gure gomendioekin bat zetozen.
Hau ikusita, batek galde dezake nola egon daitekeen holako aldea gida batetik bestera, alegia, nola egon daitekeen hainbeste  gomendio desberdin iturri zientifiko berdinak erabiltzen baditugu. Azken emaitzan eragina izan dezaketen hainbat faktore ba daude, emaitzen interpretazioa eta azterketak, esate baterako, baina haien artean, dudarik gabe interes gatazka izan daiteke kontutan hartu beharretako bat.
Tompsonek dion bezala, interes gatazka gertatzen da Lehen mailako interesari buruzko iritzi profesionala, gaixoen segurtasuna edo ikerketen baliotasuna, alegia, aldatzen bada beste interesek -onura ekonomikoa, norberaren prestigioa edo giza promozioa- eraginda. 
Badaude, hala ere, gida baten kalitatea aztertzeko baliabideak. Arestian aipatutako AGREE da mundu mailan gehien erabiltzen dena. AGREE tresna honen helburua da praktika klinikoko gidaren kalitatea aztertzeko esparru bat ematea. AGREE baliabide honek ez du aztertzen gidan ematen den informazioaren kalitatea bakarrik, baita gomendioen alderdi batzuen kalitatea ere. Beraz, oso gomendagarria da baliabide hau erabiltzea gida bat kritikoki ebaluatu nahi bada.
Osakidetzako Lipidoen erabilerari buruzko praktika klinikoko gidaliburua arrisku kardiobaskularreko bezala estatu mailan Osasun Sistema Nazionaleko GUIA SALUD izeneko organismoan sartuta dago. Agentzia honen helburua baliabide, zerbitzu eta ebidentzia zientifikoan oinarritutako produktuen eskaintza indartzea da mediku eta gaixoen erabaki klinikoetan laguntza emateko asmoz. Bertan sartzen dira estatu mailan egiten diren kalitate handiko gidak.
Baita, Osakidetzako lipidoen erabilerari buruzko gida, mundu mailan prestigio handiko den  Estatu Batuetako Osasun Ikerketa eta Kalitaterako Agentziaren National Guideline Cleringhousen katalogoan sartuta dago. NGC ebidentzia klinikoan oinarritutako praktika klinikoko gidarako baliabide publikoa da.

Azken Berriak

Gehiegizko medikalizazioaren arazoaz aritu dira OEEren Osasun Biltzarrean
Joan den ostiralean, urriaren 25ean, osasun-arloko hainbat profesionalek parte hartu zuten OEE-Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatutako Osasun Biltzarraren 33. edizioan. Zornotzako Zelaieta aretoan egindako jardunaldian, gehiegizko medikalizazio...
Mati Iturralde (familia-medikua): "Osasun ituna"
Irailaren 5ean egin zen lehendakari berriak proposatu duen osasun-itunaren aldeko mahaia. Lehen bileran eragile ezberdinek parte hartu zuten, baina deigarria izan zen osasun-publikoaren aldeko herritarren plataforma bakar bat ere ez gonbidatzea. Ziurren...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan