Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

28. Osasun Biltzarra: Komunikazioa - Inkomunikazioa

4.3 Pazienteak Hautemandako Emaitzen Neurketak Euskal Herrian: pazientea osasun-arretaren erdigunera

Egileak: IƱaki Santamarina Renteria, Izaskun Elezgarai Gabantxo, Aitor Montes Lasarte

Gurutzetako Unibertsitate Ospitalea. Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea, EHU; Neurozientziak Saila. Medikuntza eta Erizaintza Fakultatea, EHU; Aramaioko Osasun Zentroa. Debagoieneko ESI


Sarrera

Pazientean Zentraturiko Arreta egungo osasun-sistema aurreratuenen paradigma bilakatu da. Horrek eskatzen du osasun-arreta holistikoa, indibidualizatua, errespetuzkoa eta ahalduntzailea izatea, pazientearen autonomia errespetatuz eta erabakitze partekatua bultzatuz.

Eredu horretan, osasun-zerbitzuak antolatzean garrantzia ematen zaie osasun-emaitzei, hots, osasun-arretak pertsonengan duen inpaktuari.

Inpaktu hori pazientearen ikuspegitik aztertzeko balio duten galdetegiak dira Pazienteak Hautemandako Emaitzen Neurketak —PHEN (ingelesezko PROM)—. Pertsonak bere osasun-egoeraren, funtzionalitatearen edota burututako esku-hartzeen ondorioen inguruan duen pertzepzioan oinarritzen dira neurketok.

Helburuak

1) PHEN galdetegiek zertarako balio dezaketen, nazioartean zer esperientzia dauden eta beste hizkuntza batera nola egokitzen diren aztertu nahi izan da.

2) Euskal Herriko osasun-sistema publikoetan erabiltzen diren jakin gura izan da, eremu elebiduna izatearen berezitasuna kontuan izanik.

Metodoak

1) PHENei buruzko informazioa jasotzeko, Pubmed datu-basean bilaketa bibliografikoa burutu da.

2) Euskal Herriko erabilera ikertzeko ospitale publiko nagusietan informazioa eskatu da eta PHENak darabiltzaten programen arduradunekin elkarrizketak eduki dira.

Emaitzak

Nazioarteko esperientziek erakutsi dute PHENak baliagarri izan daitezkeela Pazientean Zentraturiko Arretaren ereduaren aspektu anitz aplikatzeko. Horretarako, tokian tokiko hizkuntzara egokitu behar dira galdetegiak, fase ezberdinetako prozesu bat igarota.

Euskal Herriaren kasuan, Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean soilik identifikatu dira PHENak darabiltzaten programak. Bertan, galdetegiak ez dira beti bi hizkuntza ofizialetan eskaintzen.

Ondorioak

PHENak baliagarri izan daitezke pazientearekiko komunikazioa hobetzeko, jarraipen eta tratamendu pertsonalizatuagoak eskaintzeko, pazientean zentraturiko ebidentzia sortu eta erabakitze partekatua bultzatzeko, esku-hartzeen osasun-emaitzak neurtzeko edota ebaluazio ekonomikoak egiteko.

Beste nazio elebidunetan egiten den moduan, Euskal Herrian ere behar bezala egokitu beharko dira galdetegiak bertoko hizkuntza ofizialetara. Horrela bakarrik lor daiteke osasun-emaitzak modu fidagarrian neurtzea; hizkuntza-mugak gaindituz eta pazienteen segurtasuna nahiz ekitatea bermatuz. Hurrengo Euskara Planetan kontuan hartu beharreko gaia izan daiteke.

Azken Berriak

Osakidetzan euskaldunak identifikatuta: arta euskaraz bermatzeko bidean pauso bat?
Ospitalizatuta dauden pazienteek eskumuturrekoan eramango dute “e” ikurra. Hala, osasun langileek badakite herritar horiek eskatu dutela euskaraz artatua izatea. Osakidetzak dio euskarazko komunikazioa errazteko beste tresna bat gehiago dela...
Hitzez hitz, etorkizuna berreraiki
Euskaraldia datorren hilabetean izango da eta Debabarreneko Osakidetzako osasun-zentro eta ospitaleetan ekintza ugari antolatu dituzte Debabarreneko ESIko Euskara Batzordeko boluntarioek. Langileak izen-ematera animatzeko, adibidez, soilik ESI...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan