5.2 Hauskortasun Multidimentsionalaren Eskala: Hauskortasuna ebaluatzeko tresna berri baten egitura faktoriala eta fidagarritasuna
Egileak: Joanes Lameirinhas Ortuoste, Igone Etxeberria Arritxabal, Arantxa Gorostiaga Manterola
Sarrera
Hauskortasuna estresore endogeno eta exogenoekiko zaurgarritasun-egoera gisa definitzen da, zeinak osasun-ondorio kaltegarriak pairatzeko arriskua areagotzen baitu. Hauskortasuna ebaluatzeko hainbat tresna eskuragarri dauden arren, oro har, ez dituzte konstruktuaren dimentsio guztiak barne hartzen eta, gainera, ez dute propietate psikometriko egokirik erakutsi. Bestalde, egun ez dago hauskortasunaren ebaluaziorako euskaraz baliozkotutako tresnarik. Gabezia horiei erantzuna emateko, Hauskortasun Multidimentsionalaren Eskala (HME) eraiki zen, 65 urtetik gorako pertsonengan hauskortasunaren dimentsio fisikoa, kognitiboa, afektiboa, soziala eta ingurumenekoa ebaluatzeko.
Helburuak
Ikerlanaren helburu nagusia HMEren egitura faktoriala aztertzea zen. Halaber, ingurune-hauskortasunaren egokitasunari buruzko eztabaida dela-eta, dimentsio hori barne hartzen zuten eta ez zuten eredu faktorialen doikuntza estatistikoa konparatu zen.
Metodoak
Nafarroako eta EAEko 160 adinekok parte hartu zuten, komunitatean zein egoitzetan bizi direnak, eta 65 eta 96 urte artekoak (B = 73; DT = 7,18). Partaideek HMEren behin-behineko bertsioa bete zuten. Bertsio horrek 51 item ditu, eta 4 puntuko Likert-eskala batean erantzuten dira (non 1 = Inoiz edo ia inoiz ez; eta 4 = Beti edo ia beti). Berrespenezko faktore-analisiaren bitartez zenbait eredu faktorial kalkulatu ziren. Datu-analisiak Mplus 7.31 softwarearekin egin ziren.
Emaitzak
Emaitzek erakutsi zuten dimentsio bakarreko ereduak izan zirela doikuntza okerrena izan zutenak, bai ingurumen-dimentsioko itemak barne hartuta, bai horiek kanpoan utzita. Aitzitik, doikuntza onena agertu zuen eredua 4 faktoreko eredua izan zen (fisikoa, kognitiboa, afektiboa eta soziala), nahiz eta 5 faktoreko ereduak (ingurumenekoa gehituta) ere doikuntza egokia aurkeztu zuen. Barne-trinkotasunaren indizeak (Cronbach-en alfak) 0,89, 0,89, 0,92, 0,90 eta 0,67 izan ziren bost dimentsioetan, hurrenez hurren.
Ondorioak
Ikerlan honen emaitzek hauskortasunari ikuspegi multidimentsional batetik heltzeko beharra mahaigaineratzen dute. Dimentsio bakarreko ereduek ez bezala, 4 eta 5 dimentsioko ereduek doikuntza egokia agertu dute. Eduki-baliozkotasunaren ikuspuntutik, hauskortasunaren ebaluazioan ingurune-hauskortasuna barne hartzea proposatzen dugu, hauskortasun-egoeraren ebaluazio osoagoa eta zehatzagoa bermatzearren. HME helburu horretarako eraiki zen, eta lortutako barne-trinkotasunaren indizeek eta faktore-egitura sendoek iradokitzen dute tresna baliagarria eta fidagarria izango dela hauskortasun multidimentsionala ebaluatzeko.