Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Euskal autonomia erkidegoko emakume zeliakoen bizi-ohiturak: jarduera fisikoa eta dieta

Egileak:

Idoia Larretxi Lamelas

Jonatan Miranda Gomez

Edurne Simón Magro

Arrate Lasa Elguezua

María Ángeles Bustamante Gallego

Itziar Txurruka Ortega

0


Sarrera

Egun, neurrizko intentsitateko jarduera fisikoak eta elikadura orekatuak osasunerako onura nabarmenak dituztela aski ezaguna da. Osasunaren Mundu Erakundearen (OMEren) arabera, astean 150 minutuko neurrizko jarduera fisikoa edo 75 minutuko aktibitate fisiko gogorra egitea nahikoa da osasun-egoera onari eusteko. Hala ere, 2013ko Euskal Osasun Inkestak erakusten duenez, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAEn) aisialdian biztanleriaren erdia baino gutxiago besterik ez da aktiboa. Horren harian, populazio orokorrerako ikerketa anitz egin bada ere, badira aztertu gabeko hainbat talde espezifiko, gaixo zeliakoena besteak beste. Jakin badakigu talde zeliakoak glutenik gabeko dieta berezi eta hertsia jarraitu behar duela, hortaz, talde honek populazio orokorraren jarduera fisikoko eredu bera jarraituko ote duen zalantza pizten da.

Helburuak

Lan honen helburua EAEko emakume zeliakoen bizi-ohiturak aztertzea izan da, jarduera fisikoa, dieta eta nutrizio-egoeraren ikuspegitik.

Metodoak

Horretarako, 2011 urtean 19 eta 64 urte bitartean zeuden EAEko 45 emakume zeliako bildu ziren. Nutrizio-egoera aztertzeko parte-hartzaileen pisua eta altuera neurtu eta Gorputz Masaren Indizea (GMI) kalkulatu ziren. Halaber, bakoitzak egindako jarduera fisiko-mota (bizimodu aktiboa ala ez aktiboa) balioztatu zen inkesta baten bitartez. Jarduera-mota sailkatzeko OMEren araberako bizimodu aktiboko gomendioak hartu ziren erreferentziatzat. Dieta-eredua elikagaien kontsumo-maiztasuna galdetuta aztertu zen.

Emaitzak

Emakumeen %85ak pisu normala zuen, batezbesteko GMIa 21,5 kg/m2±2,6 izanik, eta aisialdian %49ak jarduera fisikorako OMEren gomendioa betetzen zuen. Datu hauek ez datoz bat EAEko Osasun Inkestan jasotako populazio orokorraren datuekin; izan ere, horren arabera emakumeen %67ak pisu normala du, GMIa 23,8 kg/m2 da eta %41ak bizimodu aktiboa jarraitzen du. Dietari dagokionez, fruta eta barazkien gomendioa zeliako gehiagok betetzen dute, populazio orokorrak baino; zerealena, berriz, gutxiagok.

Ondorioak

Azpimarratu behar da, beraz, emakume zeliakoen taldeak ez duela jarraitzen elikaduran ezta jarduera fisikoan ere populazio orokorraren eredu berdina. Ondorioz, talde honen bizi-ohiturak bereizirik aztertu behar dira jarraibide espezifikoak planteatzeko.

Bibliografia

1.Perez Y, Esnaola S, Ruiz R, de Diego M, Aldasoro E, Calvo M, Bacigalupe A, Llano J, Martín U. Euskal Osasun Inkesta 2007.Vitoria-Gasteiz: Euskal Autonomia Erkidegoko Adminsitrazioa Osasun eta Kontsumo, 2013
2.Osasunerako jarduera fisikoko munduko gomendioak.Osasunaren Mundu Erakundea (OME), 2010
3.Zeliakoarentzako elikadura orekatuaren Gida. Arrate Lasa et al.2014.Glutena aztertzeko laborategia (UPV/EHU)

Azken Berriak

Osasunari buruzko udako ikastaroak
EHUk datozen hilabeteetarako ikastaro asko antolatu ditu Udako Ikastaroen barruan. Osasun alorrari buruzko zenbait ikastaro dago eta horien artean, euskarazko batzuk baditugu: Fentaniloa, mendekotasuna eta gizartea. Organu emailetza, biziak s...
Hizkuntzalaritza Klinikoko II. Jardunaldia
Hizkuntzalaritza Klinikoko lehen jardunaldia Baionan egin zen 2020ko irailaren 4an. Horren helburua izan zen euskaldunengan aztertzen diren hizkuntza-nahasmenduei buruzko lan eta proiektuen aurkezpen bat egitea, modu dibulgatiboan, elkarren lanen berri ...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan