Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Berriak

Aitor Montes: Gakoa historia klinikoa euskaraz lortzea da, herritarrek eskatzea

2014-11-13

Iturria: argia.eus

Osakidetzaren euskalduntzean, euskara laneko hizkuntza izatea premiazko ikusten du Aitor Montes mediku galdakoztarrak. Aramaioko familia-medikua da Montes, eta ahozko harremanetatik harago, idatzizkoa euskalduntzeko beharrean dabil. Pazienteen osasun ibilbidea biltzen duen historia klinikoa euskaratzea da gakoa bere ustez.

Lehen aldia izan da: erradiografia baten emaitzak bi hizkuntzetan jasotzea lortu duzu.

Bai, eskabidea egin eta hiru astetara jaso genituen. Hasieratik etorri da gainera txostena bi hizkuntzetan. Gertatu da Donostian, adibidez, pazienteak alta txostena erdaraz ikusi eta euskaraz eskatzea. Itzulpena handik hamar egunetara heldu zitzaion. Erradiografiarena desberdina da. Jatorriz ele bitan datorrenez, euskara zerbitzu hizkuntza izateaz gain, lan hizkuntza ere bada. Helburua Osakidetzak irudi proba guztien emaitzak ele bitan eskaintzea izan beharko litzateke.

Eskatzeko premiarik egon barik.

Hori da. Pazienteak edo medikuak ez du zertan eskatu. Erakunde publikoa da Osakidetza, eta bere idatziak derrigorrez egon behar dira bi hizkuntza ofizialetan. Europako legediak, EAEkoak eta Espainiakoak horrela agintzen dute.

Zure kasuan, emaitzak euskaraz eskatzea proposatu zenion pazienteari?

Ez, ez. Nik legea bete behar dut. Erakunde publikoan egiten dut lan  eta bete behar ditut medikuon kode deontologikoa eta legea bera; ezin dut legea urratu.

Euskara planak, legeak... hor daude. Berririk ez dela behar diozu. 

Daukagunarekin, nahikoa eta soberan. Batez ere Europako goi mailako araudiagatik; loteslea da, bete egin behar da eta kito. Osakidetzak ez badigu eskaintzen, eskatu egin behar dugu. Nire mezua hori da; euskaltzaleok, eskatu. Joan osasun zentrora, Elebidera, Behatokira... Eskatu proba osagarri guztien txostenak ele bitan, edo euskara hutsean, gura baduzu. Ez erabiltzaileek bakarrik; osasun langileok ere proben txostenak ele bitan eskatu behar ditugu. Gure betebeharra da pazienteei ematen diegun zerbitzua hobetzeko.

Odol analisien emaitzak euskaraz jasotzea ere eskatu izan duzu.

Oraindik itxaroten gabiltza. Nik dakidanez, aplikazio informatikoak egokitu behar dituzte horretarako. Eskatu bai, eta nik bakarrik ez, Bizkaiko Medikuen Elkargoak ere eskatu zuen. Pribatutik eskatuz gero ematen dizkizute analisiak euskaraz. Pribatuan bai, baina publikoan ez. Eta 31 urte dauzka Osakidetzak.

Lan handia al litzateke Osakidetzarentzat?

Berez ez. Euskara teknikoan trebatzeko prestakuntza beharko genuke. Hori erakundearen erantzukizuna da. Beste bidea itzulpen lana da. Horretarako, beharbada, itzultzaile edo euskara teknikari gehiago beharko da; hori ere erakundearen erantzukizuna. Bestalde esango dizute, “euskara teknikoa oso zaila da”. Ez. Hizkera medikoa ez da egun batetik bestera jasotzen, gaztelaniaz ere ez. Ospitalean ikasten duzu, beste medikuengandik. Traumatologoen txostenak irakurtzen dituzu eta horrela ikasten duzu. Euskaraz ere, ikastaroa egin, eta espezialisten euskara teknikoa elkarren arteko harremanean ikasiko genuke. Erraz.

 

Elkarrizketa irakurri osorik hemen

 

 

Utzi zure iruzkina

Azken Berriak

Korrikak beste edizio arrakastatsua burutu du
24. Korrikak, beti bezala, herri eta bihotz guztietara heldu da! Zorionak antolatzaileei eta partaide guztiei! Euskara gara! Argazkian, Korrikaren lekukoaren mezua idatzi duten 7 gazteak.
Errenteriako Udaleko lanpostuen aurkako helegitea ez da kasualitatea izan
Argia Aldizkariak jakinarazi duenez, azken urteotan Epaitegien bidez gelditu diren lan eskaintza batzuen atzean pertsona antolatuak daude: "Errenteriako Udaleko lan deialdia modu antolatuan sabotatu dute CCOO sindikatuko hainbat kidek, Euska...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan