Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Berriak

«Alterazioak sortzen dituzte etxeetako kimikoek»

2015-05-25

Etxearen eta osasunaren arteko harremana «estua» da, Amaia Iriarteren ustez; eraikuntza materialek eta eraikinen kokalekuak gaixotasunak sor ditzaketela azaldu du.

2015-05-25 / Nagore Ares Amaya

Bizilekuak badu eraginik pertsonen osasunean, eta uste baino handiagoa. Hain zuzen ere, harreman «estu-estua» du etxebizitzak bertan bizi direnen ongizatean, Amaia Iriarte medikuaren (Arrasate, Gipuzkoa, 1978) ustez. Besteak beste eraikuntza materialak eta etxeen kokalekua eta diseinua zainduta, gaixotasun mordoa saihestu daiteke. Ostiralean, Arrasaten izan zen, Arizmendi ikastolak antolatuta XXI. mendeko etxebizitzei buruz eginiko jardunaldietan hizlari.


Etxebizitzaren eta osasunaren arteko harremana estua dela diozu. Nola eragiten dio lehenak bigarrenari?

Gure ingurua denez, eta berton egunaren zati handi bat pasatzen dugunez, eragin handia du. Hainbat toxiko egon daitezke: bai mikroorganismoak, gugan intoxikazio bat edo infekzio bat sor dezaketenak, bai bestelako toxiko kimikoak edo fisikoak. Ikusten ez ditugunez, oro har ez gara ondo jabetzen nolako kalteak sortzen dituzten kimikoek inguruan, baina etxean ditugun pinturek, altzariek eta tratatuta dauden beste gauzek partikula toxikoak jaurtitzen dituzte. Arnasaren, azalaren eta digestio aparatuaren bidez, barrura sartzen zaizkigu, eta gure gorputzean metatuz doaz.

Zer-nolako arazoak sortzen dituzte partikula toxiko horiek?

Alterazio hormonalak eta horien ondoriozko gaixotasun asko sor ditzakete, batez ere. Nerbio eta hormona sistema aldatzen dutenez, gorputzaren funtzionamendua bere osotasunean alda dezakete. Norberaren sentikortasunaren araberakoak izango dira ondorioak, dena den: batzuei azala minberatuko zaie gehiago, eta beste batzuei arnas aparatua. Adibidez, esango nuke egungo ernalezintasun maila, neurri batean, hortik eratorria dela.


Elementu toxiko horiez gainera, eritasunak sor ditzakeen beste faktorerik ba al da etxeetan?

Bai. Adibidez, eraikinen orientazioak eta kokalekuak izan dezakete eragina. Esaterako, lur azpiko urak baldin badaude, edo beste energia telurikorik badago, kalte egin diezaiokete osasunari.


Norbere etxearen egoerak ez ezik, auzoarenak ere badu eraginik?

Izan dezake; gehienbat, trafiko handiko errepide bat edo industriaren bat badago, kaltegarria izan daiteke, emisioengatik. Inguruan dagoen industria motaren araberakoa da.

Zer egin dezakete herritarrek etxea osasuntsua den jakiteko?

Onena teknikari bat eramatea litzateke, behar diren neurketa guztiak egiteko, eta ikusteko benetan etxea nola dagoen. Izan ere, erabiltzaile moduan, gauza asko ezin ditugu aztertu. Baina badira azter ditzakegun beste zenbait gauza: etxea zein materialekin egin den, eta, adibidez, zein pintura erabili diren margotzeko. Gure esku dago etxebizitzetan jadanik dagoen toxikotasuna ez handitzea; esaterako, garbitzeko erabiltzen ditugun produktuak ongi hautatuta. Horrela, toxiko asko saihestu daitezke.


Ematen al zaio garrantzirik Euskal Herrian osasunaren eta etxebizitzaren arteko lotura horri?

Lehen, garrantzi handia ematen zitzaion; lehengo baserriak ikusi besterik ez dago: kokapena oso zaindua dago. Gero, hori galdu egin zen, baina gaur egun zabaltzen ari da berriz. Eraikuntza sektorean, gero eta gehiago zaintzen dira materialak eta kokapena.


Etxebizitza politikak aldatuta, herritarren osasuna alda daiteke, beraz?

Bai. Hasiz gero, egin daiteke. Arkitekto eta teknikari asko gai hauen inguruan sentsibilizaturik daude dagoeneko, eta haien ikuspegitik eraikitzen bada, pertsonen osasuna hobe daiteke.

Utzi zure iruzkina

Azken Berriak

Karlos Ibarguren eta Miren Altuna: Euskara: ukendua zauriarentzat
Karlos eta Miren
Berria egunkarian Miren Altuna eta Karlos Ibarguren medikuak elkarrizketatu ditu, euskarak osasun zerbitzuetan duen garrantzia hobeto ezagutzeko Elkarrizketa osoa: Euskara ukendua zauriarentzat   ALTUNA: Egoiliarra nintzen Iruñean...
Jon Zarate Sesma: «Lehentasuna da babesa ematea beren lana euskaraz egingo duten osasun profesional horiei"
Jon
EHEk eta EHUk lan bat egin dute elkarrekin, osasun profesionalak eta euskal pazienteen arteko harremanei buruz gogoeta egiteko. «Euskaraz artatu nautenetan, eskertu egin dut, eta konfiantza handiagoko eremu batean sentitu dut neure burua»....

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan