Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Berriak

Kexu gehiago, betiko alorretan

2015-06-04

Iturria: berria.eus

Elebidek %15 kexu gehiago jaso ditu hizkuntz eskubideen harira. Sortu zenetik, %67 ugaritu dira

2015-06-04 / Garikoitz Goikoetxea

 

Gero eta herritar gehiagok jartzen dute kexua hizkuntz eskubideak urratzen dizkietenean. Eusko Jaurlaritzaren Elebide zerbitzuak %15 kexu gehiago jaso zituen iaz, aurreko urtearekin alderatuta. 346 denera. Begirada atzerago jarrita, handiagoa da aldea: 2007an, lehen urtean, 207 kexu jaso zituen —orain %67 gehiago, beraz—. Gorakada ontzat jo du Patxi Baztarrikak, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak. Haren arabera, igoerak ez du esan nahi eskubideak gehiago urratzen direla, baizik eta herritarrak sentsibilizatuago daudela. Hutsune handienak non dauden agertu du memoriak beste behin.


Euskaldunen hizkuntz eskubideek zeresan handia jarri zuten iaz, eta horren ispilu ere bada Elebideren memoria. Adibiderako, Carlos Urkijo Espainiako Gobernu ordezkariaren jarduna. Kexak jaso dituzte Elebiden Urkijok euskarazko akten aurka hartutako bideagatik; ez ditu ontzat hartzen gaztelaniazko itzulpenik ez duten agiriak. Sendagile erdaldunekin izandako arazoek ere badute tokia; ordezkapenetan arazoak izan zituzten herri batzuetan, mediku euskaldunak oporretara joatean erdaldunak bideratu zizkietelako.

Osakidetza da, hain zuzen ere, kexu gehien pilatu duenetako bat: 47. Urterokoa da. Baztarrikak ohartarazi du testuingurua aintzat hartu behar dela: Osakidetzak duela herritarrekin gertueneko erlazioa —hamazazpi milioi harreman urtean—, eta logikoa dela kexak pilatzea. Aitortu du hutsuneak daudela, baina goraipatu egin du Osakidetzaren lana.

Batik bat bi aldetan dira kexu herritarrak: ezinezko egin dietelako erlazioa euskaraz bideratzea —paperak erdaraz, harreran euskaldunik ez...—, eta paisaia erdalduna delako —seinaleak erdaraz—.

Bostetik lau, alor publikoan

Eremu pribatuko salaketek zerbait behera egin dute —kexu guztien %21 dagozkie haiei—. Beltzuneak berberak dira, nolanahi ere: interes orokorreko zerbitzuak —telefonia enpresak tartean daude— eta merkataritza. Alor pribatuko kexuen %72 haiek dauzkate.

Erakunde publikoen aurkakoak dira bost kexutik lau. Jaurlaritzaren arabera, ez du esan nahi erakundeak urratzaileago direla, herritarrek hor sentsibilizazio handiagoa dutela baizik. Udalei buruzko kexak igo dira batez ere.

Datuak eskuan, hizkuntz eskubideen alde biko izaera hartu du ahotan Baztarrikak: «Eskubide dira herritarrentzat, eta obligazio erakundeentzat». Areago ere jo du: «Inor hizkuntza aldatzera behartzea da inposizioa». Datutan: euskaraz aritu ezinagatik izan dira 342 kexu; gaztelaniagatik, lau.

Utzi zure iruzkina

Azken Berriak

Euskaraz lan egiteko eta artatuak izateko eskubidearen alde mobilizatu dira administrazioko langileak
Iruñean asteartean egin dute kontzentrazioa, Donostian, Bilbon eta Gasteizen astelehenean, ELA, LAB eta Steilas sindikatuek deituta. “Berme juridikoak” exijitu dituzte. Astearte arratsalderako mobilizazio berria deitu dute Donostian, ...
Itzulbide Donostialdeko ESIn jarri da pilotaje fasean
Sara Lizeaga
Osatuberrin Itzulbide aplikazioari buruzko informazioa eman digute Sara Lizeagaren eskutik: Sara Lizeaga Osakidetzako traumatologoa da Donostiako Unibertsitate Ospitalean, eta hasieratik aritu da boluntario Itzulbide proiektuan. Testu klinikoetan espe...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan