Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Berriak

Bizitza bukatzear denean, zer?

2018-06-12

Bizidun gisa denbora-tarte mugatua daukagu, nahiz eta egungo gure gizartean pentsamendu horiek uxatzeko joera hartu dugun. Bizitza bukatzear denean, ordea, oraindik denbora-tartea ez da amaitu, eta gaixoek zein senideek egoera albait ondoen eramateko gero eta ahots zein aldarrikapen gehiago entzuten ari gara. Hain zuzen, gure 28. Osasun Biltzarrean hizpide izan genuen. Orain, horretaz aritu dira batetik, Secpal-en bilkuran Gasteizen eta, bestetik, Aitor Barrenetxea medikua bere liburu berrian. Lehenek, zainketa aringarrien garrantzia azpimarratu dute; bigarrenak, psikologiko eta espiritualki nola kudeatu daitekeen azaldu du.

“Arinduz. Errukiz eta irriaz”. Horixe izan da aurreko astean Gasteizen Secpal-ek, alegia, zaintza aringarrietako Hegoaldeko estatu mailako elkarteak antolatu zuen nazioarteko bilkuraren leloa. Berrian Eduardo Bruera mediku argentinar ospetsua elkarrizketatu zuten. Bere ustez, zainketa aringarriak oraindik ez dira behar bezala eskaintzen eta ez daude egokiro txertatuta osasun-sistema gehienetan. Gainera, Bruerak esan zuen ez liratekeela azken momentuan eskaini beharko, baizik eta tratamendu integralaren parte direla; izan ere, askotan, depresioa edota sufrimendu fisikoa bezalakoak arintzeaz gain, prebenitzen ere lagundu dezakete. Alde klinikoan, etikoan eta ekonomikoan oso onuragarriak direla gaineratu zuen.

Zure ustez, profesional gazteak ez dira arloan trebatuta irteten lan mundura. Nolako ikasketa prozesua sustatu behar litzateke?

Hori ez da ikasten diapositibekin egindako bi aurkezpenekin. Ortopedian eta kardiologian bezala, jardunean ikasten da hori ere; besteek nola egiten duten ikusiz, eta eginez. Baina, jakina, ez badituzte zerbitzu onak eskura, profesional onak, bada, gazteek ere ez dute ikasiko. Ahalegina egin behar da horretarako egiturak antolatzeko; egiturarik gabe, ez dago prozesurik, eta, prozesurik gabe, ez dago emaitzarik.

Aitor Barrenetxea psikoterapeutak, berriz, ekainaren 3an Iruñean aurkeztu zuen bere liburua (gaztelaniaz dago): “Heriotza, dimentsio transzendenteari so”. Bizitzan heriotzaren jakitun --konsziente-- izatearen aldeko idatzia da, baita amaiera baketsuen aldekoa ere. Ondo hiltzea da kontzeptu gakoa, bere ustez, beharrezkoa ez den sufrimendua alde batera utzita. Beraz, liburuaren ardatza bizitzaren zentzuari buruzko hausnarketa egitea da, ikusirik esperientzia horri zelan egiten dioten aurre bai pertsonak berak, bai ingurukoek.

 

Utzi zure iruzkina

Azken Berriak

Korrikak beste edizio arrakastatsua burutu du
24. Korrikak, beti bezala, herri eta bihotz guztietara heldu da! Zorionak antolatzaileei eta partaide guztiei! Euskara gara! Argazkian, Korrikaren lekukoaren mezua idatzi duten 7 gazteak.
Errenteriako Udaleko lanpostuen aurkako helegitea ez da kasualitatea izan
Argia Aldizkariak jakinarazi duenez, azken urteotan Epaitegien bidez gelditu diren lan eskaintza batzuen atzean pertsona antolatuak daude: "Errenteriako Udaleko lan deialdia modu antolatuan sabotatu dute CCOO sindikatuko hainbat kidek, Euska...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan