Berriak
OEE-Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea ere oso kezkatuta dago zuzendu nahi ez diren euskarazko galderengatik Osakidetzaren EEParen azken probetan
2026-11-24
LAB sindikatuak bere webgunean jakinarazi duenez (https://akatsak.labosaki.app/), azken eskaintza publikoan euskarazko azterketek ia baliorik gabe geratu dira egindako itzulpen akats pilagatik. Sindikatu horrek guztira 6.150 akats topatu ditu eta, adibidez, 4 espezialitatetako azterketetan akatsak galderen %30etik gorakoetan daude.
Jasotako akatsen artean honako hauek ikus daitezke:
- “txakur” erabili da “canino” izeneko hagina esateko, “letagina” ala “betortza” esan beharrean.
- “urtea” erabili da “hora” esateko, “ordua” jarri beharrean.
Horiez gain, akats batzuetan kopuruak nahastu dira, adibidez, gazteleraz “25 mg” dena, euskaraz “25 g” jarri dute.
Kontuan hartu beharra dago azterketa horietan milaka herritar aurkezten ari direla, eta beraz, gertatutakoaren ondorioak larriak direla esan beharko genuke. Gainera LAB sindikatuak urrian Osakidetzari ohartarazi zion zer gertatzen ari zen baina ez dira arazo hau konpontzeko neurririk jarri.
Kontua da, gainera, euskarazko azterketak beti gazteleratik itzultzen direla eta horrela probak euskaraz egin nahi izanez gero desabantaila dagoela. Bada ordua azterketak euskaraz sortzeko ala bi hizkuntzetan sortzeko. Izan ere, langile elebidunek testuak bi hizkuntzetan egoki eta zuzen sor ditzateke, proba hizkuntza batean zein bestean egin nahi dutenek berdintasunean jardun dezaten.
Honekin ez ditugu estali nahi Osakidetzak, egindako Euskara Planari esker, herritarrei zerbitzua euskaraz eskaintzeko lortu dituen hobekuntzak baina kezka handiz ikusten dugu EEP moduko egiturazko prozesu batean 2026. urtean oraindik horrela egotea.
2026.11.24
OEE-Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea
Utzi zure iruzkina






