Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Biltzarrak

10. Osasun Jardunaldiak: Osasuna denontzat 2000. urtean

2000-05-05, Iruñea

Egitaraua

Aurkezpen gutuna

NAFARROAKO OSASUN DEPARTAMENTUKO ZUZENDARI NAGUSIAREN AGURRA

 

Berriro ere, Osasun Departamentu honek oso gogoko izan du bere gain hartzea maiatzaren 5a eta 6a bitartean Iruñean eginen diren jardunaldien babesa. Honela diot, hasieratik Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak luzatutako egitasmo eta lanak begionez ikusi izan ditugulako.

 Aurtengo jardunaldietarako aukeratutako gaia guztiz aproposa deritzot mende bukaerarekin batera egin beharreko ebaluazioa nahitaezkoa gertatzen bait da. "Osasuna denontzat 2000. urtean" deiarekin bat munduko herrialde guztietan osasungintzan lan egiteko modu eta bide berria bultzatu zuen Munduko Osasun Erakundeak. Osasun estrategia hori zabaldu zenetik 20 urte pasa dira eta garaia da orduan esandakoak zer eta nola bete diren azaltzeko: antzemandako osasun arazo nagusiei eta ezarritako lehentasunei aurre egin zaien, gizartean ezagunak diren osasunarekiko desberdintasunak gutxitu diren, diru eta ahaleginak arazo eta estrategia egokitan bideratu diren...

 Baina egindakoaren balorazioa egiteaz gain, beharrezkoak ditugu datozen urteetarako planak egitea eta horretarako ezinbestekoak dira gizartearen erakunde eta taldeen lanak eta iritziak ere. Osasun politikak gauzatzeko eta horretarako osasuna hobetzeko norabide nagusiak aukeratzeko, agintariek adi egon beharko dute beren gizarteetan gertatzen diren osasunari buruzko eztabaida foro guztiei begira, horiei erne.

 Nik, mende berriari begira, hiru printzipio nagusi aipatu nahi ditut esandako osasun politikak kontuan izan beharko lituzkeenak: 1.- Osasuna gizaki ororen oinarrizko eskubidea da. 2.- Ekitatea osasun gaietan eta elkartasuna nazioarteko eta herrialde barrutiko ekimenetan. 3.- Osasunaren garapen jarraitu bati begira, pertsona, talde, erakunde eta komunitateen ardura eta partehartzea.

 Hala ere, gerorako prestakuntzak egungo errealitatean ditu bere oinak eta, beraz, gaurko gizartearen analisia beharrezkoa dugu. Zentzu horretan, OEEk antolatutako jardunaldiak egungotasun handia dute. Prestatutako egitarauari jarraituz antzeman daiteke zuhurtasunez banatuta azaltzen dela denbora 3 gai nagusiren arabera: oraingo osasun beharren azalpena, behar horiei nola egiten diegun eta gerora begira nola egokitu. Aipatzekoa da, bestetik, bertan bilduko diren hizlarien kalitatea eta haien gaietako lotura.

 Bukatzeko, Iruñean bilduko zareten guztiei ongi etorria eman nahi dizuet eta bide batez egonaldi gustuko eta emankorra izan dezazuela desio.

 

IRUÑEAN, 2000KO APIRILAREN 3AN. JUAN RAMON RABADE IRAIZOZ. OSASUN DEPARTAMENTUKO ZUZENDARI NAGUSIA.

 

 

 

Aitzin solasa

 

Lau urteren buruan berriro dugu elkarrekin Iruñean bildu eta elkarlanean aritzeko parada. Oraingo honekin hamargarren urtemuga beteko dute jardunaldiek.

 

Aurreko antolaketa-lanekin parekatuz, aurtengoak ordukoak baino aiseago joan dira. Alde batetik, OEEko kideok eta inguruko lagunek nolabaiteko ohitura badugulako eta bestetik, ezin uka, gauzak berregitean hobeki eta arinago egiten direlako. Espero dezagun esperientziarekin batera kalitate puntu bat ere lortua izatea.

 

Lanak prestatzeko eta jardunaldien bizkarrezur gisa duela 20 urte kaleratu zen Osasuna denontzat esloganaz jantzitako Munduko Osasun Erakundearen (MOE) osasun estrategia aukeratu dugu, hainbat arrazoirengatik: parte hartzeko egokia deritzogulako eta bestetik, osasun estrategia horrek 2000. urtean ezartzen zuelako zenbait helburu lortzeko epea.

 

Horrela, MOEk osasun mailan ematen ziren aurrerapenak neurtzeko 12 adierazle orokor proposatu zituen. Eta bide horri  jarraituz Europako Erregioko erakundeak (MOE-Euro) 1984. urterako, bertako gobernu guztien oniritziarekin 38 helburu luzatu zituen. Beraz bai Nafarroan hala nola EAEn edo Iparraldean, bertako administrazioek onartutako osasun egitasmo edo konpromiso bateratuak ditugu geroztik.

 

Bide horri jarraituz azken urte hauetan osasun sistema gehienek helburu ugari aldarrikatu dituzte. Leku batzuetan hori besterik ez da egin, asmoak kaleratu. Beste batzuetan, aldiz, helburuen eta errealitatearen arteko zubiak eraiki dira, ahaleginak bideratu eta hainbat konpromiso zehatz hartu ere bai. Dena den, denbora pasatu da eta gutxi dira orain arte egindako ebaluazioak. Horretaz guztiaz eztabaidatzea espero dugu antolatutako mahai inguruetan.

 

Besteak beste, eskerrak eman nahi dizkizuegu komunikazioak prestatzen aritu zareten guztioi. Babarrunik gabe ez da lapikorik. Eta modu berezian aipatu nahi dugu mahai inguruetan hizlari arituko diren denak. Batzuk aspalditik dabiltzalako gure artean eta beste batzuk, berriz, lehen aldiz plazaratzen direlako, eta bai bata bai bestea eskertzekoak dira.

 

Ibilaldi honetan kide sentitu ditugun guztiei ere doazkie gure agurra eta esker ona. Osasunbideko Oinarrizko Laguntzako Zuzendaritzari, antolaketa-lanen babesgune izan delako, Osasun Publikoaren Institutuko hainbat lankideri jardunaldiei emandako orduengatik.

 

Denok jakin dezazuen, liburuxka hau inprimategiko bidean jarri denerako 52 komunikazio jaso ditugu, honako lurralde jatorria dutelarik: 22 Gipuzkoatik, 20 Nafarroatik, 7 Bizkaitik eta 3 Arabatik.

 

X. jardunaldietako batzorde antolatzaile eta zientifikoko kideok aipamen berezi bat egin nahi dugu OEEko bazkide eta aurretik ospatutako jardunaldietan falta ezina zen Jose Antonio Agote laguna, oraingoan ezingo delako gurekin izan eta. Bere oroimenean gure lana.

 

BATZORDE ANTOLATZAILEA, BATZORDE ZIENTIFIKOA

 

Azken Berriak

Euskarak bide motza du osasun-zentroetan
Osasun-sistema publikoen ahultzeari buruzko kezka agerikoa da. Eusko Jaurlaritzak berak sustatuta prozesu zabal bat abian da itun bat hitzartzeko, eta horren bidez Osakidetzan urteotan metatu diren arazoei aurre egiteko bideak zehazteko. Euskalgintzaren...
Sarean da Osagaiz aldizkariaren zenbaki berria
Osagaiz osasun-zientzien aldizkariaren zenbaki berria sarean dagoela jakinarazi nahi dizuegu. OEE-Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak eta UEU-Udako Euskal Unibertsitateak plazaratzen duten argitalpenaren ale berezi honetan, apirilaren 11n Iurretan egin ...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan