Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundea

+34 944 001 133

oee@oeegunea.eus

Berriak

28. Osasun Biltzarrean Komunikazioa-Inkomunikazioa gaia landu dugu bi egunez Arantzazuko gune zoragarrian

2018-05-21

Ostegunetik atzo arte, gai zentral hau hartuta, ehun bat osasungile komunikatzen ibili gara Arantzazuko paradisuan, Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak antolatutako 28. biltzarrean.

2010ean egin bezala, Arantzazuko bidegurutze geografikoa aukeratu dugu egoitza moduan, eta horrekin ere asmatu dugula dirudi. Egitaraua ondo hornituta, luzaroan pozik egoteko moduan gelditu garela esango nuke.

Urtean behin lankide (eta lagun) batzuk topatzeko, lanean jarraitzeko akuilu moduan, jende berria ezagutzeko, ezagutza konpartitzeko gune hau finkatzen joan gara ia 30 urte hauetan. Bejondeigula.

Ertz asko dauka (in)komunikazioak, eta zabaltasun horren ikuspuntu batzuk jaso ahal izan ditugu egun hauetan.

Ostiralean komunikazio arazoak sortzen dizkiguten gaietan sakondu dugu, eta hor gaixo psikotikoekin nola komunikatu, kontsultan sexuari buruz nola hitz egin eta gaixoarekiko komunikazio eraginkorra lortzeko gaindu beharreko oztopoak hizpide izan ditugu. Osasun arloko profesionalok kontuan hartu behar ditugun hainbat adibide interesgarri entzun genituen.

Hurrengo mahai inguruan oasasungintza alorreko euskarazko komunikabideei eman zitzaien tarte bat Osatuberrirekin, Euskadi Irratiko Osasun Etxearen irratsaioarekin eta Osagai osasun zientzien aldizkariarekin. Hiru hitzaldiak entzun ondoren, alor honetan umezurtz ez gaudela ikusten dugu nahiz eta gauza gehiago egotea komenigarria litzatekeen.

Hirugarren mahai ingurua hizkuntza osasun zerbitzua emateko orduan gakoetako bat dela argi geratu zen eta hor Osakidetzak euskaraz artatzeko duen planaren balantze eta etorkizuneko erronkak, paziente baten ikuspegia eta azkenik, Gales eta Kanadako esperientziak ezagutu genituen, galesera eta frantsesera egoera minorizatuan egonda ere, nola kudeatu duten ikusteko.

Ahozko komunkazio asko izan ziren, eta biziki interesgarriak. Ikusten zen gaia "komunikazioa" zela eta irudimena landu behar dela eta horren adibidea 2. saria irabazi zuenak  azalpena panpin batekin eman zuen, titianestesiaren garrantzia nabarmentzeko, irudimentsua izan zen

Larunbatean bizitzaren amaieraren inguruan zentratu gara. Heriotzaren inguruko beldurrak ezarritako isiltasun konspirazioaz. Itoaldi existentzialak bultzatutako blokeoaz. Izan ere, heriotza horma ala atea da? Minez eta hutsuneetaz. Duintasunak eraikitako biografietaz. Maitasunez egindako zainketetaz. Errukiak ekarritako bakeaz. Isiltasunaren garrantziaz. Betetasunaz. Humanitateaz hitz batean.

Minbiziatik haratago, badaude onkologikoak ez diren gaixo hauek, gaizki lo egiten dutenak arnasestuagatik ez ezik kezkengatik eta burutazioengatik ere. Aldartea aztertzen ez diegunak. Pseudomonas karkaxean bilatu bai, eta buru belarri tratatzen saiatu ere bai. Psikea, ordea, zenbatetan hartzen dugu kontutan? Ps-z hasten dira bi hitzak, baina faktoreen orekatik urrun gaude. Bronkitiko kronikoekin morfina (eta inkluso bentzodiazepinak) erabiltzeari beldurra kentzen hasiak gara. Falta zaigu bronkopatekin (kardiopatekin, nefropatekin, hepatopatekin…) eta euren senideekin gai nagusiei buruz gehiago hitz egitea. Galdera potoloei buruz.

Hausnarketa hauek egiteko, Oñatiko paraje hauek erabat egokiak dira, eta zorte ikaragarria daukagu hain gertu edukita. Oteizaren apostoluen artean bezala, ondo konektatzen, idazten, isilarazten, komunikatzen saiatzen, isiltzen, abesten, keinuak egiten edo elkarri irakurtzen jarraituko dugu.

Iñaki Peña Bandres

Antolatzaileen izenean

 

 

Utzi zure iruzkina

Azken Berriak

EHUren udako ikastaroa osasunaz: Narratiba eta osasuna: Nola sortu osasuna eraikitzen duten istorioak?
Ekainaren 23an eta 24an ikastaro hau eskainiko da. Narratibaren indarra ezagutu, praktika klinikoa zein osasun publikoa eraldatzeko, eta zaintzen dutenen eta zaintzak jasotzen dituztenen arteko harremana sakontzeko. Azalpena Uda Ikastaro honek o...
UEUk udako ikastaroak aurkeztu ditu
UEUko ikastaroak 2026an
Udako Euskal Unibertsitateak 2026ko ikastaroen eskaintza zabaldu du: Euskararen balio ofizial akademikoaren erronka unibertsitatean. (Hasiera Ekitaldia). (Bilbo, ekainak 11) Haur eta Nerabeen Osasun Globala: diziplinarteko begirada bi...

Berri +

Ugarteburu sariak
Egin bazkide
Gizarte-sareak
facebook twitter
Laguntzaileak
Eusko Jaurlaritza
Bai Euskarari

©OEE

Diseinua: Di-Da Garapena: Bitarlan